Aitorpena

Profesionalak gara eta erakundeen aldaketen eta hobekuntzaren alde dihardugu. Zeregin horri oro har kontsultoretza esaten zaio; guk, ordea, substantiboari bereizgarria gehitzen diogu eta esaten dugu artisauen kontsultoretza egiten dugula. Geure burua definitzerakoan badiogu egitura sinple autonomoak garela eta, fabrika haundietan baino areago, lantegi txikietan ekiten diegula gizakien neurriko proiektuei.

Identitatearen seinaleak

Artisauen kontsultoretza bestelako kontsultoretzaren ordezko aukera da. Kontsultoretzan jarduteko ohiko modutik aldendu eta bereiztu nahi dugula, beraz, ikuspuntu eta balio berriak darabiltzagu erakundeen aldakuntzari ekitean. 

Honela definitzen dugu, beraz, gure kontsultoretza:

1. Gizakiekin batera dihardugu

Aldakuntzak eta hobekuntzak behar dituzten ezagutza, kemena eta indarra gizakioi dagozkigu, gutako bakoitzari eta osatzen dugun talde antolatuari ere bai. Horregatik diogu geure bezeroak gizakiak direla, eta ez korporazioak.

2. Atsegin dugu geure lana

Lehengai gisara ezagutza darabilgu eta ezagutza ez da sortzen inolako toki-egun zehatzetan. Horregatik ez dugu muga zorrotzik ezartzen geure kontsultoretza-lanaren eta bizimoduko beste alderdi batzuen artean, baizik eta integraturik daukagu lana gainontzeko zeregin egunerokoetan.

3. Ateak zabalik, guztiz irekita aritzen gara lankidetzan

Ezagutza proiektu guztietan sortzen dugu, baina ezagutza hori ez dugu geuretzat gordetzen, altxor pribatua balitz bezala; ez darabilgu bat ere teknika pribatiborik, ez dugu ezer ezkutatzen ez bezeroen ez lankideen begietatik; aitzitik, dena agerian dugu, komunitatearen begi-bistan.

4. Sarea osatzen dugu

eta horrek, neurri handi batean, bere isla eta euskarria du gure blogetan eta partaide garen gizarte-media guztietan. Bide horretatik, hain zuzen ere, banatzen ditugu ezagutza, gogoetak eta kezkak.

5. Praktika-komunitatea garelarik

komunitate horretan dugu ikasi beharrekoa; eta horren guztiaren funtsa ez da “zer”, “nola” baizik.

Praktikak

Oinarrizko ezaugarri horietatik abiatuta, bada, honela dihardugu:

Aztarna utzi, geure ukitua eman nahi diogu egiten dugunari,esku artean daukagun guztia proiektu berria izan dadin, zeinari gure lehengaia den ezagutza irekia, aurretik ikasitakoa eta esperientzia berritua eskaini behar baitizkiogu. Horiek horrela, bada, berrikuntza ez da tresna, ezinbesteko beharra baizik.

Saiatu eta asmatu edo huts eginda ikasten duguaurretik hartutako norabideari jarraiki edo bidea galduta, eta lanaldi guzti-guztietan berritzen eta berpizten gara. Proiektuei ekin aurretik, ostean eta bitartean ikasten dugularik, ezinbesteko zaizkigu hala jarduna nola egindakoari buruzko gogoeta, konponbideak emateko gauza izango bagara.

Dibertimendua ere atera nahi diogu lanari, ezagutza ondo ezarri eta barneratzeko, funtsezkoa baita lanaren grina eta ondo aritu izanaren poza. Horregatik banatzen dugu pasioa lankidetzan ari garenekin.

Aniztasuna dugu aberasgarrietako bat; gizakiekin lan egiten dugula, bestelakoak irakasten digu zerbait, eta ez hainbeste berdinak. Sarera dakartzagu artisauen kontsultoretzaren gogoarekin bat datozen eta ezagutza, gogoeta eta esperientzia ematen dizkiguten guztiak.

Sinismen osoa diogu meritukraziari garatzeko modu bikaina delakoan. Sare baten osakide izateak bide ematen digu proiektu bakoitzerako langile eta ezaupide aproposenak bilatzeko, helburu nagusia proiektua arrakastaz bukatzea delarik, uste osoa baitugu horixe dela onena gure ospea sendotu dadin, gure fidagarritasunak luze iraun dezan eta bezeroekin konfidantza osoaz har-eman gaitezen.

Bezeroei hurbiltzeko darabilgun eredua ez da inbasiboa,eta horren alde egiten dugu irmo. Geure burua aurkezteko txartelik onena aurreko proiektuetako preskripzioak eta erreferentziak dira.

Balioak

Proiektuak lantegi ditugu eta emaitzak, berriz, lorpen paregabeak, une jakin batean garatu izanaren ondorio lojikoa, esperientzia berrituari eta denon ezagutza banatuari esker.

Eskuz bezala lan egiteko modu berezi hau balio batzuk geureganatu ostean baino ez zaigu posible.

Argitasuna. Besteekin parez pare ari garenez gero, erraz esaten dugu ezetz, proiektu baten etika edo bideragarritasuna begi onez ikusten ez dugunean. Gainera, horrela hobeto sumatzen dugu gaizki egina edozein proiektutan ari garenean.

Pragmatismoa. Pragmatismoari esker hobeto bateratzen ditugu, batetik, ongi eginaren gustua, eta bestetik, proiektu bakoitzaren zertzeladak eta eskakizunak, lorpen onena lorpen posiblea izan dadin.

Simpletasuna. Sinpletasunak zehaztasuna eta erantzuteko gaitasuna ematen digu. Epe luzeko estrategiei apurka-apurka hurbiltzen gatzaizkie, lankideok elkar ezagutuz apurka-apurka joan gaitezen.

Neurritasuna. Azpiegitura eta baliabideei dagokienez. Konpromisoa open source eta ezagutza askearekin.

Harreman-sare konfiantzazkoa eta iraunkorra, gizakiekin lan-egitetik jaioa eta proiektuaz edo kontratuaz baino harantzago doana. Kontua da gizaki hori gure harreman-sarera ekartzea.

Adierazpen honen egileok, beraz, ezaugarri, jarduteko modu eta balio jakin batzuk  proposatzen ditugu eta lantegietan antolatzen gara, lantegiak zehaztu eta definitzen baitu artisauen kontsultoretzaren sare ireki hau.

Sarea, beraz, harreman-sarea da eta kontsultoretzarako profesionalak, bezeroak eta interesatuak oro har lotzen ditu. Lantegiak, halaber, baliabideak, ezagutza, ideiak eta kezkaz ditu, lan-jardunetik datozenak eta komunitate osoari irekiak.

Alfonso Alcántara, José  Miguel Bolívar, Anna Cabañas, Vicent González, Julen Iturbe-Ormaetxe, Carmen Jasanada, Manel Muntada, Nacho Muñoz, Dolors Reig, Amalio A. Rey, Miquel Rodríguez, María Jesús Salido, Luis (tic616).

2010eko urtarrilaren 26a

Este sitio web utiliza cookies para que tengas la mejor experiencia de usuario. Si continuas navegando estas dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pincha el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies